Laudioko elkarteak, herrian dauden negozioetako jabeak edo/eta langileak eta udalerrian erroldatutako 18 urtetik gorako edozein herritar proposatu ahal izango dituzte saritu beharreko saltokiak
Laudioko Udalak beti izan du udalerriko hiri-ekonomia osatzen duten negozio txikiak sustatzea eta balioestea bere helburuen artean, besteak beste, tokiko merkataritza eta ostalaritza-establezimenduak. Orain, udal-administrazioak harago joan nahi du, eta sektore horien izaera estrategikoa aintzatetsi gura du, “Laudioko Altxorrak” sariekin. Sari horien helburua merkataritza-esperientzia berriak sortzeko lan egiten duten eta Laudio eskualdeko erreferentziazko merkataritza- eta aisialdi-toki gisa kokatzen laguntzen duten saltokiak eta ostalaritzako lokalak ikusaraztea eta babestea da.
Horrela, ekimen hau merkataritza- eta ostalaritza-sektorea aintzatesteko jarri da abian, kontsumitzaileen eta, oro har, herritarren aurrean tokiko negozioek udalerriari bizia emanez duten garrantzia balioetsiz. Zehazki, historiarekin, ibilbidearekin eta tradizioarekin, erosketa-esperientzien berrikuntzarekin eta modernizazioarekin, kudeaketa onarekin edo ekintzailetza-gaitasunarekin erlazionatutako modalitateetan nabarmentzen diren negozioak aintzatetsi nahi dira. Halaber, “Laudio Berrikusi”-n, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, APILLek eta Udalak tokiko merkataritza sustatzeko abian jarri berri duten ekimenarekin erlazionatutako sari berezi bat egongo da.
“Laudiok, udalerriko aisiaren eta bizitzaren motorra den merkataritza- eta ostalaritza-eskaintza aberatsa eta askotarikoa du. Sektore horiek erreferenteak dira, eta tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituzte, bai eta garai eta herritarren behar berrietara egokitzeko gaitasuna ere” aurreratu du Andoni Orue Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko Zinegotziak.
HAUTAGAITZAK AURKEZTEKO EPEA
Guztira, bost kategoria egongo dira “Laudioko Altxorrak” sarietan: tradizioa eta ibilbidea, berrikuntza eta erosketako/ostalaritzako esperientzia berriak, negozio ekintzailea, euskara bultzatzea, eta “Laudio Berrikusi” sari berezia. Laudioko elkarteak, herrian dauden negozioetako jabeak edo/eta langileak eta udalerrian erroldatutako 18 urtetik gorako edozein herritar proposatu ahal izango dituzte saritu beharreko saltokiak. Epea abuztuaren 21ean amaituko da. Informazio guztia udalaren webgunean dago eskuragarri.